Legorretak 6,8 kilometro koadroko hedadura du. Hiriburutik 37 kilometrora dago eta itsas mailatik 115 metrora. Bestalde, Zazpiturrieta, Igetagain, Astolokomendi, Bilkoin eta Elkarre mendixken artean dago kokatuta.

Oria ibaiaren bailararen barruan, haren Zubiña, Zazpiturrieta eta Aldabe ibaiadarrek bustitzen dute Legorreta.



Biztanleriari dagokionez, 2002an 1.370 lagun bizi ginen bertan. Aipatzekoa da 1940tik 1980ra gorakada handia gertatu zela biztanle-kopuruan, baina 1981etik aurrera txikituz joan zela gaur egun dagoen kopurura arte.

1399an Legorretak bat egin zuen Ordiziarekin, udalerri handietatik babestearren. Bategite horrek, dena den, ez zituen bere mugak eta independentzia ekonomikoa deuseztatu. Atxikipen-hitzarmena ENRIKE II.ak sinatu zuen 1402an eta, geroago, 1492an alegia, Errege-Erregina Katolikoek berretsi zuten Kordoban.

1614an, berriz, Ordiziatik bereiztea eskatu zuen Legorretak eta 1615ean FELIPE II.ak baiezkoa eman zion. Ondorioz, gure ekonomia eta administrazioa berreskuratu genituen, nahiz eta trukean 2.700 dukat ordaindu behar. 1845ean alkateak eta sei zinegotzik osatzen zuten udala



Udalerriko monumentu artistikorik nabarmenena XVI. mendeko Salbatore eliza da. Domingo Ezeiza hargin ospetsuak berreraiki zuen.

Hona hemen gure udalerrian bisitatzeko modukoak diren beste toki interesgarri batzuk:

- San Kruz Santutxoa. Gaur egun probintzian geratzen den Santutxo bakarretako bat da. Garai batean Santiagoko Bidean zegoen.
- Santa Maria ermita: Berostegia auzoan dago eta pribatua da. Felipe Azurmendiren erretaula du.

 
- Santa Ana ermita: Koate auzoan dago eta aldarean duen Santa Anaren irudia XVI. mendekoa da gutxi gorabehera.
- Oriar etxea: gaur egun egoera kaskarrean badago ere, antzina jauregi itxura zuen eta udalerriko etxerik garrantzitsuena zen.
- Guadalupeko amaren ermita: garai batean Torrea baserriarena zen, baina gaur egun parrokiarena da.
- Zubizarretako zubi zaharra: Santiagoko Bideko erromesak igarotzeko balio zuen.